miércoles, 22 de julio de 2009

EUSKALTELEN 2. LAN HITZARMENERAKO PLATAFORMA


Abiapuntua: egungo lan-hitzarmena. Helburua: hobetzea eta zuzentzea.


LAN-HITZARMENEN IRAUNALDIA

 2 urte: 2009, 2010
 Adostutako guztiek 2009ko urtarrilaren 1a arteko atzeraeragina izango dute

LANBIDE-SAILKAPENA

Euskalteleko lanbide-sailkapenak barne-parekotasuna eta gardentasuna bermatu behar ditu, eta enpresako langile izateko, mailaz igotzeko eta txandatzeetarako irizpide objektiboak ezarri behar ditu. Gainera, oinarria izan behar du lanpostu bakoitzeko prestakuntza-plana eratzeko eta lanpostu horietako pertsonen garapen profesionalaren ibilbidea zehazteko. Bestalde, lanbide-sailkapenean irizpide objektiboak ezartzea oinarrizkoa da berdintasun-plana bermatzeko.

Euskaltelen 2. lan hitzarmenak eduki hauek izan behar ditu:
- Lanpostuen Zerrenda: Euskalteleko lanpostuen zerrendan, lanpostu bakoitzaren xedea, eskakizunak, prestakuntza eta sustapen-ibilbidea zehaztu behar dira.
- Lanpostuen Zerrendaren SOLDATA-TAULA

Nola egin?
- Profesional independenteak erabiliz. Horiek enpresaren antolaketako funtsezko prozesu baten kalitatea bermatuko dute: lanbide-sailkapena.
- Sindikatuek prozesu osoan hartuko dute parte: Lanpostuen Zerrendaren zehaztapena egin aurretik, hura egin bitartean eta egin ondoren.


IGOERA

Euskalteleko langileen diru-sarrerak ezin dira inola ere murriztu.

Euskaltelen 2. lan hitzarmenean, igoera egin behar da soldata-kontzeptu guztietan; hala izan behar du, EAEko lurralde arteko enpresa-hitzarmena duen eta mozkinak dituen enpresa izanik. % 3,5 2009rako eta 2010erako.

Txandakako plusa sartzea. Urteko 900 €-koa izan behar du plusak, hau da, txandakako lanegun bakoitzeko (180 lanegun, guztira) 5 € aplikatu behar dira. Gure ustez, aitortu egin behar da txandakako lana; izan ere, zuzeneko kalteak eragiteaz gain, pertsona horiek ezin dute ez lanaldi-murrizketarik, ez ordutegi malgurik egin udan. Gainera, lanaldi-murrizketek arazo konpongaitzak eragiten dituzte, 8 orduko lanaldian 2 edo 3 txanda egiten baitira lanpostu berean.

LANALDIA

EAEko lurralde arteko enpresa-hitzarmenak dira erreferentea; horietan, 1592 ordukoa da lanaldia. Aldi honetarako, urteko 1680 ordu lortzea dugu helburu, eskema honen arabera:

• 8 orduko lanaldi etena
• 7 orduko lanaldi jarraitua
• Sarrera- eta irteera-ordutegiak malgutzea
o Sarrera: goizeko 7:30etik 9:30era
o Irteera: 16:00etatik aurrera lanaldi etenean eta 14:30etik aurrera lanaldi jarraituan.

2010eko lan-egutegirako proposamena (ikus http://ektela.blogspot.com)
2009rako 1.700 ordu proposatzen dira. Lan-hitzarmena sinatzen den dataren arabera, bi aukera aztertuko dira lanordu horiek murrizteko: abenduan 7 orduko lanaldia egitea edo norbere gauzetarako egun bihurtzea.

LANALDIA ETA BIZITZA PERTSONALA UZTARTZEKO NEURRIAK

Neurri horietarako eta beste batzuetarako, hauxe da printzipio nagusia: Lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea da aukera bakarra, jasangarritasun eta erantzukizun soziala dituen ingurune batean.

- “Egutegi bateratua”: lan-egutegi trinkoa, lanaldi-murrizketa duten pertsonentzat.
- Lanaldia murrizteko eskubidea, seme-alabek 12 urte bete arte
- Soldatarik gabeko baimenean mugak kentzea. Aukerak ugaltzea.
- “Ama-eguna”: aitei ere zabaldu, eta amenean mugak kentzea.
- Edoskitzea: edoskitzerako eskubidea metatuz gero, aukera izatea 1 orduko metaketa egiteko, ½ ordukoa egin beharrean.
- Amatasun-baja (edo aitatasun-baja) 16 astetik 20 astera zabaltzea.



TREBAKUNTZA

Euskaltelek, bere erronkei aurre egiteko, ezin du langileen prestakuntzarako inbertsioa murriztu, ez zenbatekoari dagokionez, ez soldata-masari dagokionez; ezin ditu, beraz, langileen gaitasunak zaharkitzen utzi, haiei esker osatu baita Euskaltel. Lanpostu guztiek izan behar dituzte trebakuntzarako eta birziklatzerako orduak, eginkizunen arabera. Langile guztiek dute trebakuntza jasotzeko eskubidea, eta hori enpresa eta langileen arteko sistema negoziatuan garatu behar da.

2. lan hitzarmenerako:

- Pertsona-talde baten —edo bakar baten—ardura duen orok gutxienez 16 orduko prestakuntza adostu behar du, prestakuntza-plan baten barruan, bere kolaboratzaileekin.
- LLOri prestakuntza-ekintza guztien berri eman behar zaio, ez bakarrik diru-laguntza dutenena.
- Soldata-masaren % 3ri lotutako aurrekontuak bideratzea prestakuntzarako; teknologia- eta berrikuntza-enpresak dira horretarako erreferenteak.

BERDINTASUN-PLANA

Berdintasun-planean, honako neurri hauek jaso, arautu eta garatuko dituzte:

- gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna
- tratamendu berdina emakumeentzat eta gizonentzat
- bazterkeria oro ezabatzea —zuzenekoa nahiz zeharkakoa, agerikoa edo ezkutukoa—.
- ekintza positiboak benetan gauzatzea, “berdintzeko bereizi” ahal izateko.
- prebentzio-neurriak ezartzea, sexu-erasoak eta sexuagatiko erasoak saihesteko eta horiek tratatzeko.

Berdintasun-planeko ekintzei dagokienez, diagnosi-datuak eta Zuzendaritzaren proposamena falta dira.

- emakumezko langileen karrera-planak bultzatzea; diagnosi zehatza egiteko lanbide-sailkapenik ez dago, ordea.
- prestakuntza-ikastaroen ordutegiak familia-bizitzarekin eta bizitza pertsonalarekin bateratzea.
- soldatak berrikustea, gizonen eta emakumeen arteko soldata-diskriminazioa identifikatzeko.



LEM: Laneko Eraso Morala (Mobbing)

Laneko eraso morala jarrera desegokia eta delituzkoa da, baina, zoritxarrez, gero eta ugariagoa da egungo enpresetan; izan ere, jarrera horiek bultzatzen dituzte hainbat antolaketa-dinamikak. Euskalteleko ELAk konpromisoa hartzen du Euskalteleko pertsona guztien osasun psikosoziala urratzen duen jokabide oro saihesteko eta horiei aurrea hartzeko. Horretarako, LEMa bideratzeko eskura dauden lege-tresnak eta prozesuak erabiliko ditu: negoziazio kolektiboa eta laneko arriskuen prebentziorako prozesuak, baita Justizia Administrazioa ere.

Halaber, azpimarratu nahi dugu lan-antolaketako —eta antolaketa orokorreko— prozesu eskasak edo prozesurik ezak eragiten dituela moral- nahiz sexu-erasoak. Hortaz, horiei aurre egiteko bideek antolaketa orokor horretan txertatuta egon behar dute.

Euskalteleko ELAk neurri hauek hartzea proposatzen du:

 LEMaren inguruko jardunbide-kode bat izatea Euskaltelek. Erantzukizunak eta zigorrak.
 Prebentzio-politika
 Trebakuntza-politika
 Informazio- eta gardentasun-politika

GIZARTE-AURREIKUSPENA

• Kudeaketa eta ekarpen partekatua duen BGAE bat sortzea, eta, hor, enpresaren ekarpena % 3 eta langilearena % 3 izatea.
• e) Txanda-kontratua. Legeak ezarritakoarekiko % 5 hobetzea proposatzen dugu. Izan ere, aldakorra da sektore hau, eta errelebuek motibagarriak izan behar dute sartu berrientzat, eta atsegingarriak proiektuari lagundu diotenentzat. Orain arte ez da ia erreleburik egin, baina kontuan hartu behar dira.


GIZARTE-ONURAK

• Soldataren % 100 estaltzea lanez kanpoko zergatiek eragindako bajetan (absentismoarekin loturarik ez badute).
• Enpresako autoa: lanerako tresna denez, enpresak eskaini behar du, honako bide bat edo guztiak erabiliz: Printzipio nagusia da enpresak ezin dituela langileen baliabide pertsonalak erabili enpresa-helburuetarako.
o Renting partekatua komertzialentzat
o Pool-aren gama zabaltzea (auto-mota eskatutako zerbitzuaren araberakoa izatea)
• Mediku-asegurua doakoa izatea.
• Otordurako txartela edo diru-laguntza:
o Enpresak erabat diruz lagundutako catering-eskaintza erabiltzeko aukera (joan-etorrian edo bidaian langileak dituen gastuak, bazkaria barne, hortik kanpo gelditzen dira).
• Mediku-kontsultara joateko baimena berreskuratu beharrekoa ez izatea.
• Haurtzaindegietarako diru-laguntza: guraso langileentzat funtsezko zerbitzua da. Zerbitzu publikoek estaltzen ez dutenez, estaldura hori beharrezkotzat jotzen dugu.
• Langileentzako produktu gehiago:
o USB banda zabala, zirkulazio-mugarik gabe
o Kable-modemaren routerrak WiFi routerrera eguneratzea
o Aurrez ordaintzeko txartelaren kargatze automatikoa: hileko 10 €, 12 urtetik gorako seme-alaba bakoitzeko.
• Istripu-asegurua: 90.000 €-ra igotzea
• Ezkontide edo seme-alaba minusbaliatuentzako diru-laguntza: hileko 250 €
• Garraiorako diru-laguntza: Euskaltelek bere ingurunearen garapen sozialean parte hartzen duenez, bere langileak lanpostuetara joateko aukera-berdintasuna bultzatu behar du; hala, langileek ez dute etxebizitza eta familia zein lagun-ingurunea aldatu beharko, lanera joateagatik. Beraz, garraiorako diru-laguntza ezarriko da, zerbitzu publikorik eraginkorrenaren kostuaren parekoa, laneko joan-etorriak egiteko.
• Euskalteleko langile bakoitzak informatika-ekipoa, mahaia eta telefonoa izatea bere lanpostuan.



EKINTZA SINDIKALA ETA ORDEZKARITZAKOA

- LLOaren berriak hedatzeko intraneta erabiltzea
- Langileekin egiten diren batzarrak eta bilerak lanorduetan egitea
- Ordu sindikalak negoziazio-esparruaren araberakoak izatea: enpresaren esparruan negoziatzen bada, LE aplikatzean enpresa osoa hartzea ai

No hay comentarios:

Publicar un comentario